09 enero 2012

Udako oporraldiko etxera,
Eguberrietan ere
asociación CHERNOBIL elkartea


Txernobylgo ezbehar nuklearreren 25. urteurrena dela-eta, 62 haur eta gazte ukrainar euskal familiekin ospatzen ari dira Gabonak. Chernobil Elkarteari esker hilaren 14a arte Donostian izango diren hiru neskato eta bi harrera sendirekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk.
Txernobylgo (Ukraina) zentral nuklearraren 4. erreaktoreak eztanda egin zuen 1986ko apirilean. Bertako haurren alde lan egiteko asmoz, Chernobil Elkarteak euskal familietan udako egonaldiak antolatu ditu urteotan. Gertaeraren mende laurdenaren harira, lehenengoz, haur talde batek Eguberriak igaro ditu EAEn. Hemengo ospakizunak ezagutzeko aukera izan duten 62 gaztetxo horien artean daude Nastya Mostova, Maria Woba eta Maryna Yurchenko. Azken biak, hurrenez hurren, Maria Eugenia Momediano eta Nere Alustiza amaratarren etxeetan egiten ari dira egonaldia. Hilaren 14an jaioterrira itzuli aurretik, Santo Tomas azokan murgiltzeko, Olentzero ezagutzeko, jaiotza jartzeko… aukera izan dute.
Uda askotako bizilekua izan arren, neguan etorri diren lehen aldia da. “Udan etortzen denez, igerilekura, hondartzara joan nahi zuen. Neguan hori egiten ez dugula azaldu diogu”, argitu du Alustizak. Gaztetxoentzat bidaia berezia izan da, bereziki, euren ospakizunen egutegia eta ohiturak bestelakoak baitira. “Maryna asko harritu zen kaleko argiak eta apaingarriak ikustean. Han etxeak apaintzen dituzte, baina kaleak ez”, argitu du Alustizak. “Mariak argazki asko atera dizkio Gipuzkoa plazako jaiotzei eta argiei ere”, gehitu du Momedianok. Abenduan etorri izanak, gainera, Santo Tomas jaia bizitzeko aukera eman die. Baserritar jantziak eta txistorra probatuta itzuliko dira asko.
Itxaropenaren pizgarria
Aurreko egonaldi guztiak bezala, egunotan beraiekin izatea oso aberasgarria dela uste dute amaratarrek. “Oso polita izan da niretzat, bera aspertuxeago ibili da, familia bazkari eta afari asko izan direlako; baina joateak pena ematen dio. Eta niri ere, izugarria”, aitortu du Momedianok. Zazpi udatan hartu du Woba berean, eta beste bi gelditzen zaizkie adinez nagusi izan arte. Izan ere, 18 urte betetzean, Chernobil Elkarteak ezin du egonaldia bideratu. Hala ere, bide beretik jarraitzeko asmoa dute. “Oporraldia hemen pasatzeko hegazkin txartela erosiko diot, eta etorri nahi duenean etxea eta jana izango dituela badaki. Ez nuke inondik ere harremana galdu nahi”.
Alustizari, berriz, oraindik zazpi aukera gelditzen zaizkio azken bost udetako bizipena errepikatzeko. Haur eta gaztetxoen osasunari nabarmen on egiten dio hona etortzeak, baina, horrez gain, euren itxaropena ere pizten duela uste du amaratarrak. “Denak eurak bezala bizi ez direla ikusten dute, etorkizuna alda dezaketela; ikasi eta borrokatu behar dutela”. Onura, ordea, ez da datozenentzat bakarrik. “Dena ematen diezu, baita beraiek zuri ere. Bizipen berezia da, denok irabazten dugu”, dio Alustizak. Gurasoen esku balego oporraldi guztietan ekarriko lituzkete haurrak, baina garai honetan Ukrainan eskola dute. Beraz, aurtengo salbuespena errepikatzea zaila izango da.

GAZTE UKRAINARRAK
Maria Woba
16 urte
Hiria asko gustatzen zait, eta Eguberriak oso politak iruditu zaizkit, nahiz eta Ukrainakoak baino tristeagoak izan. Han ez gara senideekin horrenbeste egoten, lagunekin ospatzen dugu kalean. Urtero hona etortzeko aukera ematen digun jende zoragarria dago, betirako oroitzapen oso politak eman dizkigunak”.
Nastya Mostova
18 urte
Hamar urtez etortzeko aukera izan nuen, eta aurretik, Gabonetan bi aldiz etortzeko aukera izan dut. Bereziena, nire ustez, jaiotza da, Ukrainan halakorik ez baitugu. Hemen lagunak eta asko maite nauen familia ditut, gurasoak bezalakoak direnak, baina, tamalez, etxeko lan gehiago ere”.
Maryna Yurchenko
11 urte
Asko gustatu zaizkit Santo Tomas eta txistorra; han ez gara baserritar janzten, eta Errege Magorik ere ez da. Gainera, Amarako Olentzeroren desfilean irten naiz . Donostiako gauza asko gustatzen zaizkit, eta hondartzara joaterik izan ez badut ere, herenegun olatu batek harrapatu ninduen, oso dibertigarria izan zen!”.



Niños de Chernobil, teléfono de acogida: 670 419 078

No hay comentarios:

Los comentarios tardarán un tiempo en aparecer.
Gracias por participar.